Gailur-ek Premie saria jaso du

Premie programa bukatu eta gero, aurten auditoretza pasa duten berrogeita hamar bat enpresak saria jaso dute, tartean GAILUR IKAS ZENTROA, SL.

Imanol Pradalesek, Ekonomi Sustapeneko diputatuak, Premie Sarien banaketan gogorarazi du 1.100 enpresa baino gehiagok ezarri dutela programa hori, orain dela hamabost urte martxan jarri zenetik.

Programa honek enpresen kudeaketa hobetzeko metodologia eta ETEentzako diseinu espezifikoa eskaintzen ditu. “Zuen kasua eredugarria da kudeaketaren hobekuntzaren bide honetan sartuta dauden beste enpresentzat. Premieren ezarpenarekin, argi dugu enpresentzako etorkizun desberdin bat sortzen hasten ari garela.

Hobekuntzaren bidean mugarri berri bat da. Horregatik, zuen kudeaketa-sistemak mantentzen eta hobetzen jarraitzeko dei egiten dizuegu. Sinetsita gaude kudeaketaren kalitatea eta pertsonen balioa edozein erakunderen etorkizuna zehazten dituen bi faktore kritikoak direla”, baieztatu du Ekonomi Sustapeneko diputatuak.